XX. mendeko Euskararen Corpus estatistikoa

Testuingurua

IPABek salatu zuen UPV-ko agintarien ixiltasuna

Josu Arkauz UPV-ko ikaslea, estatu espainolari entregatua

Leioako Erredakzioa

Nahiz eta askok Josu Arkauzen entrega ez gauzatzea eskatu, azkenean estatu frantsesak UPV-ko soziologia ikaslea Guardia Civil-en eskuetan utzi zuen pasa den 13an gose grebako 35. egunean kondena bukatzerakoan eta bere kontrako inolako extradizio eskaerarik ez zegoelarik.

Urtarrilaren 10ean, UPV-ko Leioako kanpuseko Euskal Presoak Euskal Herrira asanbladak prentsaurreko bat eman zuen Josu Arkauz Aranaren egoera salatzeko asmoz.

Josu Arkauz entregatu eta torturatuko zutenaren beldur zen, orain arte Espainiara entregatu dituzten beste kideei gertatu zaien bezala.

Hau zela eta, iragan abenduaren 10ean gose greba bati eman zion hasiera.

Josu Arkauzek pairatzen zuen egoera Euskal Herriko eta kanpoko talde ezberdinetatik izan zen salatua.

Tartean, Amnesty International erakundeak ere, bere kezka agertu zuen Estatu Espainiarrean torturatzen den momentutik Josu Arkauz berak ere jasan lezakeen tratua zela eta.

Bestalde, orain dela hilabete bat UPV-ko hainbat irakaslek Frantziar Justizia eta Barne Ministroari gutun bat bidali zieten Josu Arkauzek bere kondena amaitu ondoren Estatu Frantsezan bizitzen jarraitzeko duen eskubidea aldarrikatuz.

Izan ere, ikasle honek Frantziar legeak eskatzen dituen baldintza guztiak betetzen zituen aipatu hilaren 13an askatu eta Baionan bere emaztea den Odile Hiriarte eta bere bi semeekin bizitzen jarraitzeko.

Euskal Presoak Euskal Herrira asanbladako kideek gogor salatu zuten UPV-ko agintarien mututasuna ikasle honek jasaten duen egoera larriaren aurrean.

Unibertsitateko arduradunek erakutsitako ixiltasunak argi eta garbi erakusten digu pertsonaia hauen talantea ikasleen arteko ezberdintasunak behin eta berriro nabarmenduz adierazi zuten asanblada honetako kideek.